Hirurogei eta hirurogeita hamargarreneko hamarkadeaz gero, zenbait giza talde eta mugimendu kontzientziatuk bizi gareneko Planetari eusteko ezinbestekoa den politika-aldaketa aldarrikatu dute, hazkunde eta garapenaren mugen problematika azaleratuz. Ingurugiro-arazoak pertsona/ingurunea erlazioak birplanteiatzen ditu.
Hezkuntza Sistemak, nahiz eta zenbaitetan arlo akademikoei ekin eta eguneroko bizitzarekin zerikusia duten arazo eta planteamenduak ahaztu, errealitatearekiko lotura horren bila, eguneroko bizitza, inguru, pertsona eta gizartearekin harremanetan hasia da jadanik zenbait kasutan.
Horrekin, inguruaren balioa azpimarratzen da, bera ezagutu eta harremanak izango, gure ahalmen guztiak egokiago eta eraginkorrago gara ditzakegulako; ingurunea, “ustiatzen” dugun baliabide pedagogikoa dugu.
Baina erronka ez da eskolaren gauza bakarrik; gizarte osoarena baizik. Hezkuntza Sistemari egozten zaio belaunaldi berria sensibilizatzeko zeregina. Beronek, ostera, dituen hutsuneetariko bi azpimarratu nahi dut: batetik, politika honekin guk geuk, ingurunea egunero hondatzen dugunok, berdin jarraitzeko aitzakia dugu, orain kaltea areagotzen segitzen dugun artean, soluzioak aplikatzeko erantzukizuna gerorako utzi eta hurrengoen bizkar uzten dugularik. Bestetik, eta eskola gizartearen islada den neurrian, jokaera ziniko hutsa dugu; eskolari eskatzen dizkiogun balore eta jokaerak, inguruan, etxean, kalean, eskola-komunitatean, komunikabideetan, eta abar guztietan nagusi direnen kontrakoak baitira.
Gaur egun, Hezkuntza Erreformaren barruan, Ingurugiro Heziketaren integraziorako eredu bat hartu da: zehar-lerroen eredua. Gizartetik sortu dira gaur egun Zehar Lerroen atalean jasotzen den zenbait beharrizan eta sentikortasun. Ondorioz, gizarte horrekin lortu nahi dugun Heziketa-funtzioa, eskolarena barne, berraztertu egin nahi dugu, eta honen barruan inguruarekiko harremana ere bai.
Eredu hau, Ingurugiro Heziketaren printzipio, metodo eta helburuekin guztiz bat dator. Bizitza-kalitatea eta ingurunea hobetzea ez dira disziplina edo arlo baten landu beharreko gaiak; irakaskuntza-estiloan, bizitza-estiloan, baliabideen erabileran eta espazioen antolaketan oinarritutako ikas esperientziak baizik.
Eredu honek, halaber, beste-zehar lerroekin ados jartzera garamatza, eta elkarrekin gizarteko arazoak ulertzeko, pentsamendu orokor bat eraikitzera.
Heziketa globalaren perspektiba kontuan izanik eta helburuen eta bitartekoen koherentzia ahalbideratzeko asmoz, Ingurugiro Heziketaren garapenerako ekintzabideak hauek lirateke:
- Edukin curricularrak birmoldatu, edukinen disziplinarteko trataera bultzatuz; inguruarekiko gizakiok dugun menpekotasuna azalduz; hurbileko errealitatearen eta urruneko inguruaren erlazioak agerian ipiniz eta ingurunearen aldeko ekintzak planteatuz.
- Partaidetza eta gizarte-ekintzarako hezkuntza garatu, eskola gizartera zabaldu, inguruaren eta bizitza-kalitatearen hobekuntzan erakundeekin, taldeekin eta gizarte-mugimenduekin batera lana eginez.
- Eskolako bizitza kolektiboa birmoldatu: kanpoko zein barruko espazioak birmoldatuz; baliabideen kontsumoa eta hondakinen ekoizpena murriztuz eta harreman pertsonalak eta irakaskuntza-metodoak hobetuz.
No hay comentarios:
Publicar un comentario